Iaz Etxeondo Festek izandako arrakastaren ostean, aurten Otsabi fest ospatuko da Villabonako Otsabi parkean
Villabonako artisau eta sortzaileek sortutako jaialdi honek sormena, kultura eta zaintza pertsonala uztartzen ditu. Otsabi Fest uztailaren 25ean ospatuko da Villabonako Otsabi parkean.
Jaialdi honek bi helburu nagusi ditu: udalerriko erabilera gutxiko espazioak ikusaraztea eta bertako artisau, artista eta sortzaileen arteko komunitate bizi baten sorrera sustatzea. Jaialdi berezi honek Villabonan dagoen sormen eta kultur aberastasuna erakutsi eta bisitariekin partekatu nahi du.
“Jaialdi hurbil eta abegikorra sortu nahi dugu, non publiko guztia ongi etorria sentituko den”, adierazi dute ekitaldiaren antolatzaile Sualma eta Kimuri-k. "Espero dugu Otsabi Fest urteroko ospakizuna bilakatzea, bertako komunitatea elkartu eta sormena bere forma guztietan sustatzen duena".
Jaialdia zaintza pertsonalari eta ongizateari arreta berezia jarriz hasiko da. Goizeko 10:00etan hasita, aulkiko yoga saio lasai batez gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek.Ingurune lasai eta natural batean kokatutako jarduera honek norbere buruarekin harremanetan jartzeko eta oreka aurkitzeko aukera eskaintzen du.
Aizkardi Mendi Elkarteak Otsabi Fest jaialdiarekin bat egingo du. Amasamendi eta kare-labeak ezagutzeko mendi irteera bat gidatutuko dute elkarteko kideek.
Goizeko 11:00etan hasita, artisauen postuek ateak zabalduko dituzte, produktu berezi eta artisauen eskaintza zabala eskainiz. Bisitariek tokiko talentua islatzen duten hainbat artisau sorkuntza arakatzeko aukera izango dute. Sualmaren produktu kaltegarririk gabeko egurrezko jostailuak, Kimuriren ehun japoniardun haori eta gyotakuak eta eta Helena Agell-en koadernaketa eta zianotipoak nabarmentzen dira. Horrez gain, Plato Cerámica-ko zeramika, Luixiren pitxiak, Paqui eta Alonsoren pintura abstraktuak eta pintxo-kuxinak, Elenaren hidrolatoak eta Limoi Arroxak-eko ukendu eta xaboi naturalak ezagutu ahal izango dira. Aurten berrikuntza gisa, Gema bere lore eta landareekin edo Tinta inprimategiko Kitilo tokiko negozioek ere bat egingo dute ekitaldira, inguruko artisau talentuei laguntzeko sorpresak prestatuta.
12:00etan mural kolektiboaren inaugurazioa egingo da bertako hianbat artisten eskutik.
Egun osoan zehar, parte-hartzaileek trebetasun berriak eskuratu eta sormenean murgiltzeko hainbat tailer egingo dira. Tailerretan eskuz artisau papera eta pintzel naturalak egitea, koadernaketa, zauri txikietarako kremak sortzea eta ipuinak egitea, besteak beste. Tailerrak, arlo bakoitzeko adituek gidatuko dituzte eta adin guztietako pertsonentzat zuzenduak izango dira.
Tailer eta jarduera guztiak doakoak dira. Horietan parte hartzeko, interesa dutenek izena eman behar dute www.otsabifest.com webgunean.