Bizipozako elkarteen doinuekin Oinkari dantza taldearen ikuskizuna ekainaren 17an

Oinatz Martinez Iturrioz 2023ko mai. 24a, 10:00

2023ko Bizipoza egitasmoa aurten, Bizipoza Jaiarekin amaituko da ekainaren 17 eta 18an.

Aurkezpenean, Ainhoa Barandiarain Oinkari Dantza Taldeko kidea, Bizipoza ekimeneko ordezkariak eta kide diren elkarteak izan ziren, baita Amasa-Villabonako ordezkariak eta Jon Padilla Elkartasun sareko kidea ere, besteak beste.

Aurkezpenaren hasieran, Oinkari Dantza Taldeko kideak hartu zuen hitza dantza eskolak urtero ikasturte amaieran eskaintzen duen emanaldia aurkezteko: “Urtero egiten dugun emanaldia da, baina aurten berezia izango da, Bizipozarekin elkarlanean prestatu dugulako. Oinkarirentzat ohorea eta ilusioa da Bizipoza egunaren bueltan eta Bizipoza elkarteen lanari lagunduz aletxoa jarri ahal izatea.” Iaz egin zuten lehen elkarlana Oinkarikoek, Pirritx, Porrotx eta Marimotos-ekin batera, eta, pozarren jaso zuten egitasmoan parte hartzeko gonbita.

Herria eta bailara dantzan jartzeko asmoa agertu zuen Barandiaranek “Oinkarin dantza euskaratik eta kulturatik batzen gaituen sare moduan ulertzen dugu, eta baita elkarren eskutik poza partekatzeko tresna bezala ere. Horregatik, herria eta bailara dantzan jarri nahi ditugu aurtengo emanaldiarekin.

Emanaldia bi aldiz egingo dute ekainaren 17an. Lehenengo saioa, eguerdiko 12:00etan izango da eta arratsaldekoa, aldiz 18:30ean. Dagoeneko sarrerak eskuragarri daude villabona.eus webgunean 5 euroren truke.

Jarraian, Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak hartu zuen hitza eta sarreretatik eskuratuko den dirua, Bizipoza ekimena sustatzeko baliatuko dela azpimarratu zuen. Herritarrak elkartasunera eta ospakizunean parte hartzeko gonbitea luzatu zuen.

 

Amasa-Villabonako Elkartasun Sarea

Covid-19aren pandemiaren ondorioz, Amasa-Villabonako udaletxeak zaugarritasun banaketa jarri zuen martxan. 2020ko irailean, eskaera geroz eta handiagoa zela ikusita, Elkartasun Sarea sortzea erabaki zen herriko boluntario talde batekin. Elkartasun Sareak harreman zuzena dauka Udaletxeko gizare sozialeko langileekin eta, gaur egun, lanean jarraitzen dute inor atzean ez geratzeko.

Horregatik, 2021.urtean, Zubi izeneko proiektua sortu eta larrialdi egoeran dauden familietako adingabeei 250 euroko diru laguntza eskaintzen hasi ziren “horretarako herriko bi ikastetxeekin harremanetan jarri ginen haur horientzako dirua oztopo ez izateko eta ikastetxeetan burutzen diren irteeretan edo aktibitate extraeskolarretan parte hartzeko, kirola eta dantza adibide”.

Aurkezpenari amaiera emateko, Leire Elizegi Bizipozako koordinadoreak hartu zuen hitza “Oinkari erreferente bat da bai bailaran, Anoetan, Iruran eta Euskal Herri mailan eta esan bezala izugarrizko poza sentitzen dugu.”

Elkartasuna eta kulturak gizarte honetan duen garrantzia azpimarratu zuen Elizegik “gizarte honetan biak ditugu beharrezkoak eta zalantzarik ez daukagu indar eraikitzailea dutela biek. Elkarlan horrek emaitza polita eta eraginkorra ekarriko du eta ohore eta ilusio handia ematen digu bailarako eta Anoeta eta Irurako elkartasun talde eta praktikei aitortza egitea egun horretan.”

Erlazionatuak

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean