Olaederra kiroldegiak bat egin du Mugiment Kirol Txartelarekin

Olaia Garmendia Ancisar 2023ko mar. 21a, 12:30

Bazkide berriak erakartzeko sustapen kanpaina berri bat ere jarri dute martxan kiroldegiak eta Amasa-Villabonako Udalak elkarlanean

Mugiment Kirol Txartelera batzearekin herritarren artean kirola sustatzeaz gain, kiroldegiko bazkide direnentzat doako kirol eskaintza zabaldu nahi dela jakinarazi du Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak. Hemendik aurrera, Olaederra kiroldegiko bazkideek beste udalerrietako kirol instalazioak erabiltzeko aukera izango dute, eta era berean, beste herrietako kiroldegietako abonatuek ere Olaederrako instalakuntzez disfrutatu ahal izango dute.

Mugiment txartela, doako txartel birtuala da, eta Olaederra kiroldegiko bazkide guztiek eskuratu dezakete. Horretarako Mugiment Kirol Txartelaren app-a instalatu behar da telefono mugikorrean. Aplikazioan behar bezala erregistratzeko, datuak sartu beharko dira: e-posta helbidea, NAN zenbakia, eta abonatutako instalazioaren izena. Olaederra kiroldegiak balioztatu eta notifikazioa jaso ondoren, Mugiment Kirol Txartela erabilgarri egongo da.

Behin izena emanda, aplikazioan sartu, herri ezberdinetako kirol instalakuntzen zerrenda ireki, erabili nahi den instalazioa aukeratu eta bertako sarrera eskuratu behar da. Behin eragiketa hori eginda, erabili nahi dugun kiroldegiko harreran, aplikazioan dugun sarrera eta NANa erakustearekin nahikoa izango da.

Interneteko konexiorik gabeko telefonoa duten bazkideek Olaederra kiroldegiko harrerara gerturatu beharko dute informazio gehiago jasotzeko.

Mugiment Kirol Txartela erabiltzeko kiroldegi bakoitzak bere baldintzak eta ordutegiak ezarri ditu.

Olaederraren kasuan, instalakuntza osoa jarri dute aukeran: gimnasioa, igerilekua, sauna eta hidromasajea. Beste udalerrietatik datozenek ordutegi jakin batean soilik erabili ahalko dituzte Olaederrako instalakuntzak: astelehenetik ostiralera 10:00etatik 15:00etara, eta larunbatetan 12:00etatik 17:00etara.

Bestalde, Amasa-Villabonako Udalak eta Olaederra kiroldegiak elkarlanean bazkide berriak erakartzeko sustapen kanpaina berri bat jarri du martxan. Horrela, Olaederrako bazkide egiteko garaian, matrikula doakoa izango da datorren apirilaren 30era arte.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean