Amasa-Villabonako Udalak Geuretik Sortuak kultur ekimenaren bigarren edizioko artista aurkeztu du

Maider Navarro Alustiza 2023ko mar. 15a, 12:16

Balio ekologikoak ardatz dituen haurrentzako komikia sortuko du Eñaut Aiartzaguenak

Amasa-Villabonako udalak Geuretik Sortuak kultur ekimenaren bigarren edizioan parte hartuko du, Eñaut Aiartzaguena izanik protagonista.

Egitasmo honen bidez, Euskal Herriko 39 udalerritan, sormen egonaldiak burutzeko bekak eskaini zaizkie 23 kultur sortzaileei, hauek euskaraz izango diren nobela motzak, antzezlanak, film laburrak edo komikiak sortu ditzaten. Amasa-Villabonaren kasuan, Eñaut Aiartzaguena izango da gonbidatua, hiru asteko denboran.

Bekadunak haurrentzako komiki bat garatuko du. Bere interesguneen artean balio ekologikoak mahaigaineratzea eta baso ustiaketa eta monolaborantzari buruzko lana egitea dela jakinarazi du, guztia Amasa-Villabonako herriari egokituta.

Aiartzaguenak, 3 asteko egonaldia egingo du, lana asteka banatzeko asmotan.

Lehen astean, Amasa-Villabona eta bere ingurunea ezagutzeko asmoa adierazi du, herritarrekin batera. Bigarren astean, komikiko pertsonaiak garatu nahi ditu. Haurrentzat zuzendutako lana denez, ikastetxeetako umeekin parte hartze saioak egin nahi ditu, herriko haurren ekarpenak entzuteko eta komikian txertatzeko. Eta azken astean, storyboard-a jorratuko du.

Udalak 2023 eta 2024 urteetan zehar, egitasmo hau garatzeko, 21.713.70€ko ekarpena egin du Udalbiltza partzuergoarekin sinatutako Lankidetza Hitzarmenaren bidez. Aurten, horietatik 13.813,70€ bideratuko dira sorkuntza fase osoa garatzeko, eta 2024. urtean, beste 7.900€ ezarriko dira Geuretik Sortuak egitasmoko kultura-zirkuituaren parte izateko.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean