Alkizako Udalak 829.824 euroko aurrekontua onartu du

Maider Navarro Alustiza 2024ko abe. 19a, 12:58

Aurtengoa 2024koa baino %9 handiagoa da.

2025ean 1.100 biztanle baino gutxiagoko udalek Aldundiaren foru-funtsaren bidez jasoko duten ekarpena % 40 inguru handiagoa izango da. Honen eraginez, Alkizako Udalaren kasuan 2024an baino 204.000 euro gehiago izango ditu.

Foru-funtsak eragindako igoera, herritarrei ematen dien zerbitzua hobetzeko erabili nahi duela adierazi du Alkizako Udalak. Helburu horrekin udal-langileen taldea bi modutan indartu nahi dute: egungo langileen lan-jarduna luzatuz eta lanpostu berriak sortuaz. Herri-langilearen, laguntzailearen eta udal arkitekto teknikoaren lanpostuak sortzea aurreikusi du udalak eta horren ondorioz, 92.000 euro gehiago inbertituko dira udal langileen sarietan. 

Bestetik, herritarrei zuzenean eragiten dieten ekintzak eta jarduerak egiteko aurrekontu-igoera nabarmenak daudela adierazi dute baita ere, tartean, nerabeen aisialdi beharrei begira Gureplazatxo programa garatzeko udalaren diru-laguntza % 54 igotzea; herriko festa nagusietarako aurrekontua % 28 handitzea; genero-berdintasuna lantzeko Berdinbidean programaren aurrekontua bikoiztea, eta kultur-jarduerak egiteko eta sustatzeko aurrekontua 8 bider handitzea. 

Inbertsioei dagokienez, 2024ko aurrekontuekin alderatuta %25eko jeitsiera aurreikusten dute. Erretore-etxeko inbertsioekin jarraitze asmotan, diru-kopuru txikiagoa gorde du Udalak beste zenbait inbertsio sendotzeko. 2025erako inbertsioen artean hauek aipa daitezke: lursailak erostea, udal bulegoetan hobekuntzak egitea, herribideak konpontzea eta Hernio-Gazume KBE hainbat interbentzio egitea.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean