Ospitale berria eraikitzeko, Tolosako Udalak, HAPOaren aldaketaren dokumentazioaren aurkezpena egin du

Maider Navarro Alustiza 2024ko api. 16a, 16:33

Batzordea osatzen duten kideek apirilaren 27ra arte izango dute ekarpenak egiteko epea.

2023ko ekainaren 6an esleitu zion orduko jarduneko udal gobernuak, HAPOaren aldaketa puntuala idazteko zerbitzuaren kontratua, Rehabite Aholkularitza Teknikoa S.L.P. enpresari.

Kontratu horren iraupena hamaika hilabete eta astebetekoa da, eta lau fasetan banatzen da. Hala ere, aurreikusitako lau faseetako epeak eten egiten dira, agiriak aurkeztu eta izapidetu eta onetsi bitartean, edota beste administrazio batzuei eskatutako txostenen zain edo jendaurrean dauden bitartean.

 Azaroan izan zuten Tolosako Udalak eta Osasun Sailak informazioa jasotzeko bilera teknikoa, eta urte amaieran jaso zuen udalak, enpresak idatzitako lehen faseko lanari dagokion dokumentua. Geroztik, udal teknikariak dagozkien txostenak egiten aritu dira, jada, Planeamenduko Aholku Batzordeari emanez horren guztiaren berri.

Behin hau eginda, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren txostena jasotakoan, HAPOaren Aldaketa Puntualari hasierako onespena eman ahalko dio udalak. Gero, jendaurreko entzunaldia zabaldu eta txosten sektorialak eskatuko dira –URA, GFAko Bide Azpiegituretako Departamentua, Osasun Saila, etab.–.

Epe horretan, herritarren parte hartzeko bigarren bilera irekia ere antolatuko dutela jakinarazi dute. Ondoren, txosten sektorialek esandakoarekin eta herritarrengandik jasotako ekarpenekin dokumentua osatuko da, behin behineko onespena eman ahal izateko.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza Sailak dokumentuari oniritzia eman ondoren, behin betiko onartu ahal izango du udalak HAPOaren Aldaketa Puntuala. Aldaketa hori gauzatuta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ospitalea eraikitzeko aukera izango luke, dagokion proiektua idatzi eta gero.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean