Edukiontzi handi gehiago, komun gehiago eta goizaldeko garbiketa zerbitzua indartuko da Tolosako Iñauterietan

Maider Navarro Alustiza 2024ko ots. 7a, 14:50

Tolosako Udalak jai egunotan ere herria txukun mantentzeko deia luzatu die herritarrei zein bisitariei

Udalak Inauterietan kale garbiketarako baliabide ugari bideratuko dituela adierazi du. Aurten ere zerbitzua indartuko dela, hainbat modutara: edukiontzi handi gehiago jarriko ditu puntu klabeetan, komun gehiago jarriko ditu eta goizaldeko garbiketa zerbitzua indartuko dute.

Iaz 40 pertsonatik gora aritu ziren kale garbiketan, eta beste horrenbeste ibiliko direla aurten ere jakinarazi dute. 06:00etan abiatuko dira garbiketa lanak egunero, goizerako kaleak garbi egon daitezen, asteartean izan ezik, 05:00etan ekingo baitiete lanei. Ostegun Gizen eta larunbat eguerdian Azoka eguna izanik- ere egingo dira garbiketa lanak Plaza Zaharrean eta Azoka egiten den hiru plazetan. Horretarako, egun horietan kamioi, kale-garbigailu, hidrogarbitzaile eta desinfektatzaile gehiago erabiliko dira.

Edukiontzi gehiago ere jarriko dituzte "Aurreko urteetan egin bezala, obretan erabili ohi diren 11 edukiontzi handi eta 1.000 litroko edukiontzi gehiago jarriko dira puntu gehiagotan. Helburua bikoitza da: alde batetik, hondakinak botatzeko baliabide gehiago eskaintzea; eta, bestetik, garbitzaileei beren lana ahalik eta modurik eraginkorrenean egiteko erraztasunak ematea."

Edukiontzi gehigarriez gain, komun eta pixatoki gehiago ere jarri dituzte herrian zehar, hala nola, Euskal Herria plazan, Andia eta Antonio Lekuona kaleetan, Trianguloan, Zerkausi alboan edota Zezen plaza inguruan. Laskoain kaleak eta San Frantzisko pasealekuak bat egiten duten puntuan ere komunak dituen kamioi bat izango da.

Tolosako Udalak jai egunotan ere herria txukun mantentzeko deia luzatu die herritarrei zein bisitariei, guztion arteko elkarbizitza egokia bermatzeko. "Kalean ospatzen diren festak dira, eta jende asko pilatzen denean normala denez, jai egun horietan nabarmen areagotzen da hondakin kopurua. Hala ere, arduraz jokatzeko eskaria luzatzen du udalak, jarriko diren edukiontzi eta komunak erabiltzeko deia luzatzearekin batera."

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean