Inauteri egunetarako balkoiak apaintzeko tradizioa indartzeko lehiaketa antolatu du Tolosako Turismoak eta Tolosa&Cok

Maider Navarro Alustiza 2024ko urt. 25a, 11:19

Ostegun gizenerako zintzilikatu beharko dira apaingarriak, eta 300 euroko saria izango du irabazleak

Tolosa Turismoak eta Tolosa&Co herriko merkatarien elkarteak, inauterietan balkoiak apaintzeko ohitura indartzeko lehiaketa bat antolatu dute elkarlanean.

Lehiaketan parte hartzeko ez da beharrezkoa izena ematea; nahikoa da balkoiak Ostegun Gizen goizerako apainduta egotea. Epaimahaia, moda eta espazioen dekorazioan adituek osatua, Tolosako kaleetatik igaroko da goiz horretan bertan eta balkoi original, koloretsu eta dibertigarriena aukeratuko du. Irabazlea egun horretan bertan emango da jakitera Tolosa Turismoa (@tolosaturismoa) eta Tolosa&Co-ren (@tolosandco) sare sozialen bitartez, eta 300 euroko saria jasoko du Tolosa&Co establezimenduetan trukatzeko.

Inauterietan balkoiak apaintzeko tradizioa duela bi hamarkada baino gehiago sortu zen Tolosan. Antza denez, inspirazioa Azkaratek Galtzaundiri eskaini zion bertsoetako bat izan zen. Bertan, jaiegunetan etxeetako leiho eta balkoiak apaintzeko elementu gisa ohegainekoak jartzea aipatzen da. Horrela hasi ziren alde zaharreko Letxuga kaleko merkatariak barandetan oihalak jartzen.

Harrezkero, ohitura haziz joan zen, eta tolosarrak balkoiak, terrazak eta begiratokiak oihal koloretsuz apaintzera animatu ziren, urtez urte tonalitate eta motiboak aldatuz. Azken urteotan parte-hartze txikiagoa nabaritu da, eta horrek bultzatu du Tolosako Udaleko turismo saila ekimen hau aurkeztera. Berezitasun honi eustea eta Tolosa festa dibertigarri honetan kolorez betetzea dira helburuak.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean